Soldaduskaren gaineko parodia hau Iker Galartza eta Joseba Usabiaga aktore euskaldunek interpretatuko dute. Antzoki Zaharrean aurkeztuko da irailaren 6tik 9ra.
Ernesto Caballeroren jatorrizko Retén antzezlana itzuli eta egokitu ondoren, Iker Galartzak Erreleboa sortu du. Bere lagun eta lankide den Joseba Usabiagarekin elkartu eta bi soldadu euskaldun hauei bizitza emango diote. Txalo Produkzioak-en eskutik datorkigu komedia hau, 2005ean Azpeitiko XXIII. Antzerki topaketetan antzezlan onenaren saria jaso zuena. Soldadutzaren absurdua islatzen du antzerki honek; hori abiapuntu hartuta, herriminaz, adiskidetasunaz eta beste zenbait balorez jardungo dute bi protagonistek.
Algezirasen soldadutzan topo egiten duten bi euskaldunen istorioa kontatzen du obra honek: Agustin eta Joxe, soldaduskaren esklabo. Hasieran ezezagunak izango dira, baina denborarekin lagunak egingo dira. Bata soldaduska amaitzekotan dabil, bestea ordea, hasi berria besterik ez da. Soldaduskako gau batean ezagutuko dira, erreleboan, eta hainbat esperientzia eta bizipen elkarbanatuko dituzte: jaioterriaren karga, etxekoen nostalgia, adiskidetasunak, indibidiak... Biziminak kontatzeko gau aparta.