Miguel Noguera umoristak zazpi urte daramatza Ultrashow-a egiten. Orain Donostiara bueltatu da bi emanaldirekin, irailaren 14tik 15era Antzoki Zaharrean egongo da 22:30ean.
Miguel Noguera eragin handiko munduko 100 artisten artean sartu zuen PHAIDONeko Creamier aldizkariak 2010ean. Bere ikuskizunak monologo filosofiko-surrealistak dira, El Club de la Comedia-rekin zerikusi gutxi dutenak, baina asko sortzaile original eta bakarrarekin. Kontakizun laburren errezital bat edo konferentzia lotsati baten antza handia du, eta inprobisazioak sekulako garrantzia du. Barrez lehertzeko ideiak dira, baina ez dira ez txisteak, ez sketxak, ez monologoak, ezta kantak ere. Buenafuente programari esker ere ezaguna, komiko honek testuinguru oso ezberdinetan egiten du lan: komikien azoketan, museoetan, jaialdietan, eta kasu honetan bezala, antzokietan.
Ultrashow-ean Miguel Noguera paper batekin igotzen da eszenatokira, 30 edo 40 ideia idatzita dituena, eta ordu betez horiek azaltzen ditu inongo ordenik gabe. Era inprobisatuan garatzen ditu, ez du entsaiorik ezta testurik, baina ideia batzuk azaltzeko irudi proiektatu batzuk erabiltzen ditu. Hona hemen bere ideia originaletako bat: Mundua okupatuta dago: Komun publiko zikin eta usaintsu batean kaka egiten ari zara. Bukatzean eta komunetik ateratzen hasten zarenean, atearen beste aldean dagoen pertsona batek atea irekitzea galarazten dizu eta ez ateratzeko oihukatzen dizu, mundua okupatuta dago eta.