Ezin duzu huts egin!
dFERIA galdu ezin den hitzordua da arte eszenikoentzat.
1988an izan zen lehenengoa, eta gaur egun erreferente argia bihurtu da Espainia osoko arte eszenikoetako profesionalentzat, eta harremanak estutzen jarraitzen du Latinoamerika eta Europako merkatuekin. Antzerkiaren topaleku gisa ondo sendotutako kultur gertaera izaki, urteak daramatza Estatu osoko ferien buruan. Donostiako Feriak, areto programazioari eta etorri ohi diren programatzaileen ugariari esker, nabarmentzea lortu du. Programazioan eta produkzioan duen kalitatea da dFERIA honen ezaugarri nabarmengarrietako bat.
Feriak arte eszenikoen merkatua bizkortzen laguntzea du xede nagusi, eragileak harremanetan jarriz eta azken antzerki sorkuntza aurkeztuz, arreta berezia eskainiz Euskal Herriko konpainiak bultzatzeari.
dFERIA, hartara, arte eszenikoen sektorearen topaleku nagusi bihurtzen da lau egunetan, eragileen arteko hartu-emanak sustatuz eta sektorearen beraren garapena erraztuz.
dFERIAn zehar, Donostia arte eszenikoen merkatu handi bihurtzen da. Feria sektoreko eragileen sekulako topalekua da, trukerako eta kontrataziorako aukera ugari eskaintzen baititu. Donostiako Feriak negozio kopuru handia sorrarazten du, zuzenean nahiz zeharka, partaideen artean. Hori dela eta, konpainia askorentzat Donostia aukera ezin hobea da merkatu berrietara hedatzeko.
Donostiak, dFERIAri esker, arte eszenikoen 600 profesional baino gehiago hartzen ditu. Horietarik, 200 inguru programatzaileak dira. Nabarmentzekoa da Estatuko antzoki nagusietako ia programatzaile guztiak etortzea, bai eta nazioartekoak ere, hala europar nola latinoamerikarrak.
Feriaren programazioa askotarikoa da, kalitatezkoa, eta berriki estreinaturiko ikuskizun berritzaileak aurkeztea du lehentasun. Donostiaren bereizgarria da aretoko antzerki eta dantza programazio zaindua aurkeztea.
Donostiako Feriak kalitatearen aldeko apostu irmoa egitea du bere bereizgarri nagusietako bat. Kalitatea proposamen artistikoetan, antzokietan, bai eta akreditaturiko profesionalen egonaldian ere. Tamaina honetako gertaera baten kalitatearen aldeko apostu horren berme ditugu hiri turistiko honetako hotel azpiegitura ona eta bertako antzokiak.
Donostiako ikusleek masiboki erantzuten diete Feriaren proposamenei. dFERIAren lau egunetan zehar, 8.000 ikusle inguruk gozatu ohi dute programaturiko obrez. Ikusleriaren eskaera handia dela eta, funtzio askotan jarri ohi da "Sarrera guztiak salduta" txartela.
Feriaren lehenengo lau edizioak, hain zuzen 1988 eta 1991 artean antolatu zirenak, neguan izan ziren. Urte haietan, urtarrilaren amaieraren eta otsailaren hasieraren artean antolatu zen Feria Donostian. Hasierako urte haietan egindako lanaren eta bigarren etapa batean egindakoaren artean desberdintasunak ikus badaitezke ere, berdin eta aldaketarik gabe eutsi zaio Feriaren izpirituari: alde batetik, hastapenetatik merkatu berriak irekitzeko eta Euskal Herrian, Estatuan eta nazioartean egindako ikuskizun profesionalak sustatzeko lan egiten du Feriaren antolakuntzak; eta, bestetik, hiriak eta hiritarrek Feria bertatik bertara ezagutzea eta Donostia jai giroan eta antzerki munduan murgiltzea lortu nahi da.
Feriaren lehenengo etapa honetan, hiriko bi espazio eszeniko enblematiko erabili ziren nagusiki: Victoria Eugenia antzokia eta Antzoki Zaharra. Zenbaitetan, beste agertoki batzuk aukeratu ziren ikuskizunen eskaintza zabaltzeko (Antzerti, San Telmo, udaletxeko etxabea...); beste batzuetan, antzoki bakoitzean bina funtzio programatu ziren helburu berberarekin. Hasierako urte haietan, dagoeneko proposamen eszenikoen eskaintza ahalik eta anitzena egin nahi zen, betiere aretoko ikuskizunak eskainiz. Ezin daiteke esan kaleko antzerkia Feriaren funtsezko ardatza zenik, baina aretoetan programatutako ikuskizunekin batera, arreta berezia jartzen zen kaleko animazioan. Gainera, lehenengo etapa honetan antzerki munduarekin erlazionatutako jarduera anitzak eta ugariak antolatzen ziren: erakusketak, eztabaidak, eta abar.
Hainbat arrazoik eraginda, ez zen Antzerki Feriarik antolatu sei urtetan, baina Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Ministerioak eta Donostiako udaleko Kultur Udal Patronatuak emandako laguntzari esker, 1998an urtean Antzerki Feriaren bosgarren edizioa antolatzea lortu zen. Izpiritu berbera izanik, etapa berri honetan espazio gehiago eta hobeak eta proiektu handizaleagoa eskaini dira.
1998an, Victoria Eugenia antzokiarekin eta Antzoki Zaharrarekin batera, bi agertoki berri barne hartu ziren Ferian: Egiako Kultur Etxea eta Lugaritz Kultur Etxea; horrela, beraz, lau antzokitan banatu zen eskaintza. Eta aipatutako bi espazio berrien formatuari esker (ertaina eta txikia, hurrenez hurren), Feriaren eskaintza anitzagoa izatea lortu da.
2007an Victoria Eugenia eraberritua ireki ondoren, antzerki asko hor egiten hasi ziren berriz. Esanak esan, etapa berri honetan etengabe ari da aldatzen eta aberasten Feria. Urte gutxitan ugaritu egin da eskainitako lan kopurua, eta baita ere ugaritu egin dira Feriara etorritako profesional ziurtatuak eta Feriaz gozatu duten ikusleak. Izugarri aberastu da programazioa, eta arte eszenikoetako profesionalen arteko hausnarketa eta harremanak sustatzea helburu hartuta, geroz eta jarduera gehiago antolatzen dira. Gainera, gero eta handiagoa da Feriaren baitan dantzak duen agerpena; sentzu honetan, garrantzi berezia ematen zaie euskal koreografoen lanik bikainenen erakusketari.
Etorkizunera begira, konpromiso argia hartu dugu Donostiako dFERIA Europako arte eszenikoen munduan antolatzen diren topagune garrantzitsueneko bat bihurtzeko lanean jarraitzeko. Xede horrekin, urteak joan eta urteak etorri, dFERIAko antolakuntzak eskaintza hobetzeko lan egiten du, izan ere, gure gogoa da feriak irauten duen egunetan hiriak, bertako biztanleek eta gurera etortzen diren bisitariek, guk eskainitako antzerkiaren festa handiaz goza dezaten.