Victoria Eugenia Antzokia 1912ko uztailaren 20an inauguratu zen. Antzokiaren proiektua eta eraikuntza Donostiako Sustapen Elkarteak (Sociedad de Fomento de San Sebastián) bultzatu zuen. Francisco Urcola arkitekto donostiarra izan zen egilea, eta estilo neoklasikoko antzokia dugu, Parisko Opera Garnier eraikinaren erreferentzia nabarmenak dituena eta italiar-kutsuko antzokien garaiko Europako une haietako ereduen ildokoa. Barrualdeari dagokionez, azpimarragarriak dira sabaiko pinturak eta Ignacio Ugarteren ganga, bai eta sarrerako foyer zabalaren dekorazioa, Ascensio Martiarenaren muralarekin. Inauguratu zenetik, Victoria Eugenia Antzokiak musikaren, dantzaren eta antzerkiaren famatu ospetsuenak hartu ditu bere eszenatokian, eta opera eta zartzuela-denboraldi egonkorrak eskaini izan ditu.

Gaur egun, Donostia Kultura erakundeak kudeatzen ditu antzokiaren ekipamenduak, eta antzerkia eszena-jardueren programaziorako berreskuratu du. Horretaz gain, besteak beste, Musika Hamabostaldia, Nazioarteko Zinemaldia edo Cultura Musical musika klasikoko zikloak bezalako ekitaldien erreferentzia-puntu nagusia ere bada, beste hainbat jardueren artean.

Victoria Eugenia Antzokian 1.200 ikusle sartzen dira gaur egun eta antzokiaren eraikinari eta zerbitzuei erabateko zaharberritzeari eta berriztapenari ekingo zaio epe laburrean. Proiektua Joaquín Zubiría arkitektoak gauzatuko du. Proiektuak instalazioen eta espazioaren banaketaren eraberritzea, edukiera dagokion erosotasunaren mesedetan txikituz, eta ikusle guztientzat ikuste-baldintzak hobetzea barne hartzen du.

Antzoki Zaharra hiriko antzoki zaharrena dugu, izenak adierazten duen moduan. Donostiaren berreraiketaren garaian eraiki zuten, 1813ko abuztuaren 31ko suntsiketaren ondoren. 1850ean inauguratu zenetik, Antzoki Zaharra kudeaketa publikoaren eskutik kudeaketa pribatuaren eskura joan izan da aldizka.

Zenbait berritze eta egokitzapen tekniko ere izan ditu, eta horien artean garrantzitsuenak 1933an Juan Alday arkitektoak egindakoa eta 1987an Manuel Santo Domingo arkitektoak egindakoa izan dira. Azken berritze honen ondorioz, antzokiak zuen edukiera txikitu eta gaur egun duen 500 ikusleentzako edukierarekin utzi zuten.

Urte askotan zehar, Antzoki Zaharraren programazioak gure hirira lau eta bost hilabeterako etortzen ziren antzerki eta zartzuela-konpainien denboraldiak zituen ardatz nagusitzat, zinema-areto gisa espezializatzearen alde egin zen apustuaz gain. 1985etik aurrera antzokia Donostia Kultura erakundeak kudeatzen du.

Gaur egun zinema eta antzerkia tartekatzen ditu bere programazioan. Zinemari dagokionez, hor ditugu Nosferatu programaren ziklo ospetsuak eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldia.Eszena-arteei dagokionez, bestalde, ezin ditugu ahaztu udako denboraldi komertzialaren proposamena eta antzerki independientearen eta euskal antzerkiaren programazioak.

 

Lugaritz 1993ko maiatzaren 30ean inauguratu zen. Donostiako bosgarren kultur etxea izan zen eta espazio eszenikoa izan zuen lehena. Eraikin honek 240 jarlekuko edukiera du eta bere eszenatokiak ondoko neurriak ditu: 8,5 metroko bokalea, 6,70 metroko sakonera eta 5 metroko altuera.

Kultur etxe honen espezialitatea antzerki-jarduera da. Atal honi dagokionez, zenbait programazio profesional ditu: formatu txikiko antzerkia, publiko gazteari zuzendua, eta haur-antzerkia, batez ere euskaraz. Antzerki-talde amateur mailako emanaldiak ere sustatzen dira, bai eta antzerki-lantegien bidezko antzerki-produkzioa eta prestakuntza ere. Bestalde, Lugaritz musika-emanaldietarako ere ekipatuta dago, bai eta zinema eta bideo-saioak programatzeko ere.

Lugaritz Kultur Etxeak, Donostian dauden beste bost kultur etxeek bezala, hirirako komunak diren beste hainbat zerbitzu eta jarduera eskaintzen ditu, eta horrek zentro funtzional eta dinamiko bilakatzen du.

 

Gazteszena da 1998ko maiatzean inauguratutako espazio eszenikoa modernoaren izena, Egiako Kultur Etxean kokatua. Areto balioanitza izateko asmo garbiarekin sortua, Donostia Kulturak kudeatutako espazio eszenikoetako bat dugu, eta honela eszena-eskaintza desberdinak egin ahal izatea ahalbidetzen da. Espazio honek 264 pertsona eserita eta 500 pertsona zutik hartzeko edukiera du. Horretaz gain, Gazteszenak 12 metroko bokaleko eta 8 metroko sakonerako eszenatokia du, altuera erregulagarriarekin. Aretoa antzerkia, musika eta dantza eskaintzeko ekipatuta dago. Espazio honek antzerki eta formatu ertaineko dantza-programazio egonkorra du. Horretaz gain, musika-programazio bat ere badu, batez ere hiriko gazteei zuzendua. Programazioak, oro har, eszenaratze berritzaileenen aldeko apustua egiten du gehienbat, bai eta publiko gaztearentzat erakargarrienak diren proposamenen aldeko apustua ere.