donostiakultura.com
dFERIA - Donostia - martxoaren 9tik 13ra - 2009

dFERIA Donostia



Ezin duzu huts egin!

dFERIA galdu ezin den hitzordua da arte eszenikoentzat.

1988an izan zen lehenengoa, eta gaur egun erreferente argia bihurtu da Espainia osoko arte eszenikoetako profesionalentzat, eta harremanak estutzen jarraitzen du  Latinoamerika eta Europako merkatuekin. Antzerkiaren topaleku gisa ondo sendotutako kultur gertaera izaki, urteak daramatza Estatu osoko ferien buruan. Donostiako Feriak, areto programazioari eta etorri ohi diren programatzaileen ugariari esker, nabarmentzea lortu du. Programazioan eta produkzioan duen kalitatea da dFERIA honen ezaugarri nabarmengarrietako bat.

Feriak arte eszenikoen merkatua bizkortzen laguntzea du xede nagusi, eragileak harremanetan jarriz eta azken antzerki sorkuntza aurkeztuz, arreta berezia eskainiz Euskal Herriko konpainiak bultzatzeari. Bestalde, Feriak badu festa izaera ere. Arte eszenikoen festa handia, Donostian udan izan ohi diren zine eta musika jaialdi nabarmenenak osatzera datorrena.

dFERIA, hartara, arte eszenikoen sektorearen topaleku nagusi bihurtzen da bost egunetan, eragileen arteko hartu-emanak sustatuz eta sektorearen beraren garapena erraztuz.

gora

dFERIAren zenbait datu:

gora

Historia 1988-2005:

Lehen etapa (1988-91)

Feriaren lehenengo lau edizioak, hain zuzen 1988 eta 1991 artean antolatu zirenak, neguan izan ziren. Urte haietan, urtarrilaren amaieraren eta otsailaren hasieraren artean antolatu zen Feria Donostian. Hasierako urte haietan egindako lanaren eta bigarren etapa batean egindakoaren artean desberdintasunak ikus badaitezke ere, berdin eta aldaketarik gabe eutsi zaio Feriaren izpirituari: alde batetik, hastapenetatik merkatu berriak irekitzeko eta Euskal Herrian, Estatuan eta nazioartean egindako ikuskizun profesionalak sustatzeko lan egiten du Feriaren antolakuntzak; eta, bestetik, hiriak eta hiritarrek Feria bertatik bertara ezagutzea eta Donostia jai giroan eta antzerki munduan murgiltzea lortu nahi da.

Feriaren lehenengo etapa honetan, hiriko bi espazio eszeniko enblematiko erabili ziren nagusiki: Victoria Eugenia antzokia eta Antzoki Zaharra. Zenbaitetan, beste agertoki batzuk aukeratu ziren ikuskizunen eskaintza zabaltzeko (Antzerti, San Telmo, udaletxeko etxabea...); beste batzuetan, antzoki bakoitzean bina funtzio programatu ziren helburu berberarekin. Hasierako urte haietan, dagoeneko proposamen eszenikoen eskaintza ahalik eta anitzena egin nahi zen, betiere aretoko ikuskizunak eskainiz. Ezin daiteke esan kaleko antzerkia Feriaren funtsezko ardatza zenik, baina aretoetan programatutako ikuskizunekin batera, arreta berezia jartzen zen kaleko animazioan. Gainera, lehenengo etapa honetan antzerki munduarekin erlazionatutako jarduera anitzak eta ugariak antolatzen ziren: erakusketak, eztabaidak, eta abar.

Bigarren etapa (1998 - )

Hainbat arrazoik eraginda, ez zen Antzerki Feriarik antolatu sei urtetan, baina Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Ministerioak eta Donostiako udaleko Kultur Udal Patronatuak emandako laguntzari esker, 1998an urtean Antzerki Feriaren bosgarren edizioa antolatzea lortu zen. Izpiritu berbera izanik, etapa berri honetan espazio gehiago eta hobeak eta proiektu handizaleagoa eskaini dira.

1998an, Victoria Eugenia antzokiarekin eta Antzoki Zaharrarekin batera, bi agertoki berri barne hartu ziren Ferian: Egiako Kultur Etxea eta Lugaritz Kultur Etxea; horrela, beraz, lau antzokitan banatu zen eskaintza. Eta aipatutako bi espazio berrien formatuari esker (ertaina eta txikia, hurrenez hurren), Feriaren eskaintza anitzagoa izatea lortu da.

Beranduago, 2000an urtean Victoria Eugenia antzokiaren birgaitze lanen ondorioz, eta Feriaren programazioa etengabe ugaritzen eta zabaltzen zela ikusita, Kursaal Jauregiko bi agertoki berri erabiltzen hasi ziren. 2007an Victoria Eugenia eraberritua ireki ondoren, antzerki asko hor egiten hasi ziren berriz.

Dantza programazioa eta kaleko antzerkiaren programazioa dira, bestalde, etapa berri honen bi ardatz nagusiak. Horrela, kaleko antzerkiaren eskutik Donostia hiri osoa jai giroz eta antzerki giroz blai egoten da Feriak irauten duen egunetan. Kaleko programazioak Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko ikuskizunik azpimarragarrienak barne hartzen ditu. Gainera, gero eta handiagoa da Feriaren baitan dantzak duen agerpena; zentzu horretan, garrantzi berezia ematen zaie euskal koreografoen lanik bikainenen erakusketari.

Esanak esan, etapa berri honetan etengabe ari da aldatzen eta aberasten Feria. Urte gutxitan ugaritu egin da eskainitako lan kopurua, eta ugaritu egin dira Feriara etorritako profesional ziurtatuak eta Feriaz gozatu duten ikusleak. Hala ere, Feriaren ibilbidean hutsune bakar bat azpimarra daiteke, izan ere 2004an urtean bertan behera geratu zen Feriaren antolakuntza. Izugarri aberastu da programazioa, eta arte eszenikoetako profesionalen arteko hausnarketa eta harremanak sustatzea helburu hartuta, jarduera gehiago antolatzen dira.

Etorkizunera begira, konpromiso argia hartu dugu Donostiako dFERIA Europako arte eszenikoen munduan antolatzen diren topagune garrantzitsueneko bat bihurtzeko lanean jarraitzeko. Xede horrekin, urteak joan eta urteak etorri, dFERIAko antolakuntzak eskaintza hobetzeko lan egiten du, izan ere, gure gogoa da feriak irauten duen egunetan hiriak, bertako biztanleek eta gurera etortzen diren bisitariek, guk eskainitako antzerkiaren festa handiaz goza dezaten.

gora

Jarduerak:

dFERIAk antzerki eta dantza programazio zabala eskaintzen digu aretoan zein kalean gozatzeko. Euskal Herrian eta Estatuan egindako produkzio berrienak ezagutzera emateaz gain, nazioarteko hainbat proposamen barne hartzen dira, eta arreta berezia ematen zaie Iberoamerikako arte eszenikoei.

Aipatutako programazio zabalaz gain, dFERIArekin erlazionatutako hainbat jarduera antolatzen dira, hala nola arte eszenikoen azoka bat, aurkezpenak, mahainguruak eta eztabaidak, guztiak sektorean gori dauden gaiei buruzkoak. Era berean, Victoria Eugenia Saria ematen du Feriak urtero, arte eszenikoen munduko pertsona zein erakunde azpimarragarriek antzerki munduan egindako ibilbidea aitortzeko eta omentzeko.

Bestalde, ezin da aipatu gabe utzi antzerki munduarekin erlazionatuta urtero egiten den argitalpena; halaber, bestelako erakundek sustatutako jarduera osagarrietan parte hartzen du, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroetan adibidez, eta, ildo horretan, antzerkiaren alderdi teorikoak izaten dira hizpide ferian.

gora
Donostia Kultura 2009 ©Copyright dFERIA2009